XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
-
Zure etorrerak etxe hau ohoratzen du.
- Ohorea nirea da zure ezkontza egunean nitaz gomutatu zarelako.
Joanesek irribarre zabala eskaini zion.
- Azalpen bat zor nizun, Fidel.
Gogoratuko zara nola, orain direla urte batzu, elkar hizketa bat izan genuenean, zure leinuarentzat egokia litzatekeen emakumearekin ezkondu zintezela gomendatu nizula.
- Bai, oroitzen naiz horretaz.
- Eta gogoratuko zara ere nola esan nizun, edo behintzat aditzera eman nizun, nire gazte denboran horrelako erabakirik hartzeko kinka larrian egon nintzela.
- Bai, eta puntu hori ilun geratu bazen ere, ulertu nuen zuk maite zenuen emakumearekin ezkondu gabe geratu zinela.
- Zuzen ulertu zenuen, Fidel... Ba, orain, aspaldiko erabaki hura apurtu egin dut eta horra non emakume harekin gaur ezkondu naizen, Dunixe nire dontzeila nagusiarekin.
Fidelek harriturik begiratu zion Joanesi.
- Baina, eseri gaitezen, Fidel... Bai, hemen sutondoan... Esaten nizun bezala, gaurtik aurrerantzean Dunixe nire emaztea da.
Jainkoak daki zenbat sufritu dudan urte guzti hauetan emakume hura nire alboan edukirik harekin senar-emazte bezala jardun ezinik.
Alboan sentitu gara, elkar lagundu dugu, baina elkar errespetatuz, itxuraz agertzen zena egiazki eta zintzoki errealitatean ere kunplituz...